XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GASKOIAK

Pasaiako euskara aztergai dugun honetan gure ustez bada gizatalde bat eta gizatalde horrekin batera hizkuntza bat aipamen berezia merezi duena hemengo hizkeran utzi ahal izan duen eraginagatik; gaskoiak eta gaskoiera.

Zergatik diogun utzi ahal izan duen? Izan ere, aski frogatua eta begibistakoa da toponimian, abizenetan eta horrelakoetan utzi duten arrastoa baina hizkuntza mintzatuaren kasuan eragin hori zenbaterainokoa den gaur egun zaila da esaten eta lan honetan behintzat ez dugu datu nahikoa baieztapen borobilik egiteko.

Gaskoiei buruz dakiguna ez da asko egia esan baina zenbait historiagile eta hizkuntzalari Soraluce, Gamón, Camino, Gavel, Lacombe, Serapio Múgica eta Fermín Iturrioz kasu saiatu da hauen etorrera aztertzen eta zenbaterainoko eragina izan zuten ikertzen.

Honi guztiari buruz interpretazio diferenteak badaude ere, gauza jakina da gaskoiak Gipuzkoan Donostian, Pasaian eta Hondarribian XII. edo XIII. mendean sartu zirela eta garai batean eragin haundia izan zutela bertako bizimoduan.

Gaskoiekin batera hauen hizkuntza, gaskoiera alegia, izugarri zabaldu omen zen, historiagile batzuek diotenez Donostiako hizkuntza ofiziala izatera ere iritsi zen. Hona hemen Gavelek pasarte batean kontatzen duena.